Nontzeberri

Joseba Lozanoren “Larrutik ordainadua” eleberria kalean da jadanik

Eleberri historikoa eta thrilerra maisutasunez nahasten dituen narrazio harrapatzailea da Alberdania argitaletxearen eskutik Joseba Lozanok kaleratu duen lana.

Larrutik ordainadua eleberriaren tramak, 1871.eko Parisera garamatza, Frantsez Iraultzaren biharamunera. Komuna bat eraiki nahian, gobernu kontserbadorearen aurkako matxinada bat gertatzen da baina honek, errepresioz erantzuten du hirian setio egoera ezarriz. Ehunka hildakoek ordea, arreta deitzen dute: bizkarreko larrua erauzita dute.

Egoerak muturrera eramaten direnean, gizakia noraino hel daitekeen  agerian utzi nahi izan du lan honetan Lozanok eta eleberriko protagonistak, fikziozkoak badira ere, egiazko gertakari eta egiazko pertsonaia historikoekin nahasten ditu, XIX.mende bukaeran testuinguratutako “gertakari gordinetan”,  idazlearen esanetan.

Ildo berean egin ditu Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak ere adierazpenak: “genero beltza eta genero historikoa maisuki nahastu ditu, atzean dokumentazio lan handiarekin ”.

Garaiko hainbat gai  historiko ere jasotzen dira lerro artean eleberri honetan. Hala  idazlek esandakoaren arabera, ‘sozialismoa, histeria, masoneria, opioa, espiritismoa, hildakoekin egindako esperimentuak…’ dira.

Joseba Lozano Santos (Gasteiz 1962) Euskal Filologia eta Filologia Hispanikoa ikasi ondoren, azken hogeita bost urteotan Eusko Jaurlaritzan aritu da lanean: itzulpengintzan, administrazio hizkeran, hizkuntza prestakuntzan, euskalduntzean, hizkuntza normalizazioan… Literaturari dagokionez, 2005ean akzesit bat eman zioten Gabriel Aresti ipuin-lehiaketan, eta bi urte geroago, Donostia Hiriko Kutxa Literatur saria irabazi zuen Hasperenka ipuinarekin. 2011n argitaratu zuen bere lehen eleberria: Argiaren erreinua.

https://www.alberdania.net/eu/libro/larrutik-ordaindua/

Exit mobile version