Joseba Irazokik hainbat lagunekin grabatutako lana Berakoaren bandcamp webgunearen bidez entzun daiteke. Disko fisikoa laster izango da eskuragarri, Bidehuts plataformaren bitartez.
Joseba Irazoki eta Lagunak 2009an Moonpalace diskoetxearen laguntzarekin plazaratutako Euria ari du lanaren jarraipena da. Horrela, gizon-orkestra formatuan kaleratutako Oso Banda (Bidehuts, 2012) lanetik aldendu eta talde osoa bat eratu du Irazokik lan hau ontzeko: Felix Buff, bateria eta perkusioa; Iban Urizar, tronpeta eta klarinetea; Igor Telletxea, tronboia eta vibraphonoa; Jaime Nieto, baxua; eta, azkenik, Ager Insunza, gitarra eta biolina.
Diskoak zortzi doinu biltzen ditu, eta Beran grabatu da. Nahasketak, berriz, Lyonen egin dira, eta ekoizpenaz Irazoki bera eta Johannes Buff arduratu dira, azken hori Felix Buffen anaia da, eta produkzioan egin duten lana nabarmena da, batez ere, Euria ari du harekin alderatuta, bai disko osoaren soinuari dagokionez, bai ahotsen tratamenduan ere.
Horrekin batera, haize-instrumentuen ekarpena ere azpimarragarria da, izan ere, kantuek beste itxura bat hartzen dute tronpeta, tronboi eta antzekoen hotsekin. Dena dela, diskoaren maila ikaragarria da, eta zenbait entzunaldiren ostean, diskoa hazi egiten da, ñabardurez josita baitago. Horren erakusle, zortzi minutu inguru irauten duen Ahotik ahora ikaragarria.
Orain, baina, euskarri fisikoan eduki nahi dugu, Ramon M. Zabalegiren azal erakargarriarekin.
