Nontzeberri

Joseba Irazoki eta Felix Buff musikariek elkarrekin joko Bilbon bihar

Irazokik Euria ari du lanean jaso dituen hamar doinuak folk sustrai sendoak dute, baina, era berean, post-rockean ere murgiltzen dira. Entzulea di-da harrapatzeko ahalmena duten piezak dira, geldoak, eztiak, eta guztiak giro lasaian bustita. Laboa, Cohen, Smog, Lungfish, June of 44, edo Six Organs of Admittance izenak aipa daitezke rock garaikideena eta folka bikain uztartzen dituen lan hau deskribatzerakoan.

Joseba Irazoki hainbat urtetan hamaika musikarirekin aritu ondoren, tartean, Xabier Montoia, Bide Ertzean eta Pettirekin, konposizioaren munduan murgildu zen Berako ONDDO taldea zela medio. Bi urtez geroztik bakarkako ibilbideari ekin dio bi proiektu pertsonalekin; bata, bere izena daramana, eta bestea, Do goitizena duena. Gaur egun talde hauekin aritzen da: Do eta On Benito (hauekin bigarren lana plazaratu beri du). Horrez gain, estudioko eta zuzeneko musikari gisa ere aritzen da, tartean, Petti, Atom Rhumba eta Rafa Ruedarekin.

Gogoratu Euria ari du Moonpalace zigiluak plazaratu duela. Nontzeberriko Ezleku bat ataldean Irazokiri egin genion elkarrizketa irakur daiteke. Honatx bideo bat ere.

Joseba Irazokik bidalita

Exit mobile version