Nontzeberri

Joseba Irazoki artista polifazetikoak eta bere lagunek, “Zu al zara Tour” birari ekin diote

Joseba Irazoki eta bere lagunek, hilabete honetan abiatuta eta urrira bitartean, hamaikatxo herri eta bazterretan emango dituzte kontzertuak.

Hala, pasa den uztailaren 12an, Elgoibarren emandako kontzertuan bezala, eta iragarritako beste zenbait kontzertuetan egingo duen bezala, bakarka arituko da datorren ostiralean, uztailaren 19an, Itsasuko Errobiko Festibalean. Beste emanaldi  batzuetan ordea, aspalditik bere ondoan dituen lagunekin arituko da, Joseba Irazoki eta bere lagunak izeneko taldearekin. Itsasuko hitzordua, 17:00etik aurrera, Batutoen aterpean izango da.

Bertaratzerik ez duenak baina, izango du Joseba Irazokiren musikaz gozatzeko aukera datozen kontzertuetan: uztailaren 20an, Zarautzen, Adarretik Festibalean; Oreretako jaietan, txosnagunean, 21ean; edota Elizondoko bestetan, 24an. Abuztuan aldiz, Berako bestetan (3an), Arantzako Aterpean (9an), Bilboko Aste Nagusian, Algara Txosnan (20an), edota Gorlizeko Xurruten (22an). Irailean eta urrian jarraituko du birak, eta Donostia, Mendaro eta Andoainen ez ezik, estatuko beste hirietara ere abiatuko da, Bartzelonara edota Vic-era, besteak beste.

Jakin-mina bere baitan errotua duen gitarrista polifazetikoa da Joseba Irazoki (Bera, 1974), konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa lantzen du musikari nafarrak.
Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak 2014an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa, eta lau urte igaro ostean, bere bigarren lana bere lagunekin Zu al zara?  (Bidehuts, 2018) diskoa grabatu eta argitaratu zuen. Bere esanetan, “uste dut besteentzako jotzen dudanean gehiago eskatzen diodala nire buruari, eta aldiz, niretzako denean, utziagoa naizela. Nire lanei ere arreta handia jartzen diet, noski baietz, nire izena doa hor!.  Nire kontuetara ari naizenean lan sortzaileagoa izan ohi da, eta besteentzat ari naizenean teknikoagoa”.

Irazoki, halaber makina bat talde eta artistarekin ere aritzen da, tartean Atom Rhumba, eta Duncan Dhu, Mikel Erentxun eta Nacho Vegasekin ere jotzen du.

“Irazokik agerian uzten digu bere soinu unibertso joria, tarteka bortitzak izatera iristen diren instrumentu joaldi txundigarriak samurtasunaren eta amorruaren artean murgiltzen diren kantekin batuz, ahotsa modu dotore bezain durduzagarrian erabiliz; nolanahi ere, harrigarria” adierazi izan du Nacho Vegasek bere estiloaren inguruan.

Zu al zara Tour biraren informazio osoa, @JIrazoki twitter  kontuan duzue.

Exit mobile version