Nontzeberri

Joseba B. Lenoir: “Egonkortasuna lortzea da zailena”

Sexty Sexers eta Sumisión City Blues taldeetan aritzeaz gain, beste hainbat proiektutan ere parte hartzen du Joseba B. Lenoir-ek (Joseba Baleztena), tartean, Izaki Gardenak, Max Gamuza, eta Oskar Benas y los Vampiros del Ritmo. Beran jaioa, Gasteiz bihurtu zuen bere bigarren etxea, baina egun Bartzelonan bizi da. Tarteka doinu instrumentalak jo eta grabatzen ditu, kantu horietako batzuk Instroak Vol.1 lanean bildu zituen 2012ko otsailean, eta dagoeneko prest du bigarren lana: Instroak Vol. 2 (Gaztelupeko Hotsak).

Instroak Vol. 2 izenburuko lana argitaratu berri duzu. Oraingoan Gaztelupeko hotsak zigiluarekin. Oker ez banago diskoetxe baten laguntzarekin ateratzen duzun lehenengoa da. Nolakoa izan da esperientzia?

Goizegi da esperientzia nolakoa izan den baloratzeko, diskoak duela aste pare bat baino ez baitu argia ikusi, baina ni pozik nago. Bigarren lan hau aitzinera nola eraman erabakitzen ari nintzenean ikusi nuen zigilu baten laguntza behar nuela, denbora pila bat ematen nuen kontzertuak lotzen, hedabideekin kontaktuan jarri nahian, jendearengana ailegatu nahian… Hotsak-ekoek behar nuen bultzada hori eman didate.

Zer dakar bigarren lan honek? Badirudi, disko berri honetan musika estilo gehiago jorratzen duzula… hasieran blues estilora gehiago mugatzen zinen…

Beharbada estilistikoki bigarren lan hau irekiagoa da, baina aurrekoan ere bazeuden adar desberdinak. Nik uste dut alde nagusia lan metodologian dagoela. Lehenbizikoa instintiboki grabatu eta argitaratu nuen, eta bigarren honek ordu dezente ditu atzetik. Orduak bai kantuak hausnartzen, bai grabatzen eta ekoizten, eta ondotik baita nahasketan eta bestelakoetan ere. Azken detaileraino zaintzen saiatu naiz. Emaitza gisa ñabarduraz betetako lan bat atera dela uste dut, entzunaldi bakoitzean gauza berriren bat eskaintzen ahal dizuna, ni bezalako soinuaren frikiek gozatzeko modukoa.

Bluesaren harira… izen artistiko hori nondik dator?

Abizena J. B. Lenoir handiari lapurtu nion, miresten dudan musikaria baita. Gainera, bada nahikoa izen iradokitzailea, eta oker ez banago diskoko diseinuak landu dituen Xabier Sagastari inspirazio iturri izan zaio.

Diskoa nola grabatu duzu? Uste dut zure kabuz aritzen zarela, ezta?

Bai, diskoa nik grabatu dut ia osorik. Bateriak Saran grabatu genituen, Iñigo Irazokik bertan duen estudioan, gainerakoa nik egin dut. Hasiera batean aunitz disfrutatu nuen prozesuaz, goizetik hasita egun guzian zehar aritzen nintzen grabazio saioak egiten, gauzak frogatzen, moldaketak gehitu edo kentzen… Baino nahasketarekin erotzear egon nintzen, lan zama handiegia izan zen eta ez nuen lortzen egindakoa perspektiba nahikoarekin ikustea ongi edo gaizki ari nintzen jakiteko.

Edozein modutan, gauzak horrela eginda aukera izan dut diskoa nire erara egiteko. Ekoizpenak aunitz erakartzen nau aspaldidanik baino orain arte parte hartu dudan diskoetan ezin izan dut arlo hori garatu, azken honetan aspalditik burutan nituen ideiak gauzatu ahal izan ditut.

Diskoaren diseinua ere deigarria iruditu zaigu, erakargarria…

Lan handia eta dotorea egin du Xabier Sagastak! Digitala nagusi den garaian bizi bagara ere, nik jarraitzen dut pentsatzen diskoak entitate fisikoak direla eta barrenekoa garrantzitsua den bezala kanpokoa ere badela. Disko bat erosi ondotik sofan eseri eta entzunaldia egin bitartean, azala eta liburuxka ikustea, kredituak irakurtzea… hagitz gustuko dudan errituala da! Gainera, Xabik “Lenoir” izenaren haritik bele itxura duen pertsonaia aski iradokitzailea sortu du.

Grabazioetan eta zuzenekoetan gauza bera egiten duzu?

Ez, noski. Lehen aipatzen nuen modura ekoizpenean trebatu nahi nuen eta disko honetakoa ez da batere minimalista. Diskoa bere horretan zuzenekoetara eraman ahal izateko banda oso bat igo beharko litzateke taula gainera, baina momentuz ez dut horretarako aukerarik. Hala ere, gero eta argiago dut estudioa eta zuzenekoa bi mundu desberdin direla, eta izan behar direla. Zuzenean hainbat pertsonak elkarrekin jotzen dute eta beraien artean sortzen den hori da entzulea kitzikatzen duena. Estudioko lana aldiz hurbildu daiteke koadro bat egitearen lanera, eta ematen dituen baliabideak erabiltzen ikasi behar du musikariak. Uste dut taula gaineko magia hori disko batean biltzea hagitz zaila dela, ezinezkotik hurbil.

Nolako harrera daukate zure kontzertuek? Loop-etan oinarritutako emanaldiak direla esan daiteke, Mursegoren antzera, kantua zuzenean bertan nola eraikitzen den ikusten da, eta horrek pazientzia ere eskatzen dio ikusleari.

Egia da looper-a erabiltzen dudala, Mursegok bezala, baina Euskal Herritik atera gabe eta gehiegi pentsatu gabe baita Pájaro 1 Pájaro 2 edo Joseba Irazokik bezala ere, baino bakoitzak egiten duguna nahiko desberdina da. Azken finean looper-a tresna bat gehiago da. Traste hau erabiltzen badut ere, ez dut uste kontzertua loop-etan oinarritzen denik, baizik eta kantuetan. Zuzenean kantuen egitura errespetatzen dut hein handi batean, saiatzen naiz loop-en baliabidea ahalik eta gutxien erabiltzen eta gehiago denbora errealean kantuak egiten. Gainera, teknikarekin ez naiz ongiegi eramaten, kar, kar, kar, beti pentsatzen dut looper-ak egunen batean kale eginen didala eszenatokian, eta horrek ezin du kontzertu oso bat zapuztu!

Zure bakarkako proiektu honetaz gain, zertan gehiago ari zara? Uste dut Bartzelonako taldeekin ari zarela…

Hainbat kontutan nabil, SextySexersek atsedenaldia hartu zuenetik Sumisión City Blues da nire talde nagusia eta hauekin laster kaleratuko dugu single berri bat Fiachras-eko lagunekin elkarbanatuta. Hau aurkezteko kontzertuak ematen ibiliko gara maiatzetik aitzinera.

Bertzalde, Izaki Gardenak bandarekin ere ari naiz gitarra jole gisa, Itsasargiak disko laburra aurkezten ibili gara eta uztailean lehen lan luzea grabatuko dugu. Grabaketa honetarako gogo biziz nago, ematen du estudio eta epe aldetik baldintza hagitz txukunetan eginen dugula.

Instroak Vol.2-ko diseinuak landu dituen Xabier Sagasta Lacallerekin ere badut ekimen bat esku artean Itzal Itzazu Argiak izenpean. Blues-ak sortutako mitologiaren berrikuspen grafiko-musikatu gisa ulertzen dugu. Xabiren marrazkiak euskal eszenako musikarien bertsioekin uztartzen ditugu. Lehenengo alearen musika nik egin nuen, baino dagoeneko egin dugu bigarren bat eta oraingoan Napoka Iriak hartu du musikaren ardura. Laster emanen dugu hirugarren alearen berri.

Bartzelonan gehien bat nire kabuz nabil, baina egia da hemen grabatu genuela Oskar Benas y los Vampiros del Ritmo-ren diskoa, bertako musikari batzuekin. Honetaz gain, The Capaces-ekin estudioan kolaboratzeko aukera ere izan dut. Badaude gauza gehiago hortik baino ez ditut irakurleak aspertu nahi!

Zure lehenengo taldea Sexty Sexters ere lanean ari da berriro ere, itzultzeko asmoz. Itzulera horretan sartuta al zaude? Nola gogoratzen dituzu Sexty Sextersen garaiak?

Ari gara poliki-poliki martxa hartzen, momentuz Hala Bedi Irratiak hogeita hamargarren urtemuga ospatzeko argitaratuko duen bildumarako kanta bat prestatzen ari gara, baina baditugu kantu berri batzuetarako ideiak. SextySexers martxan zen garaiak frenetikoak izan ziren, zorionekoak! Astebururo lagunekin furgonetan sartu eta herri desberdin batetara gure kantuak jotzera eta bizitza ospatzera joatea zen.

Hainbat proiektutan zaude sartuta, musikatik bizitzea lortu duzu edo lortuko duzu? Zein asmo duzu?

Oraintxe bertan musika da nire betebehar nagusia eta ogibide izatea da helburua. Edozein arlotan ona izateko modua orduak sartzea da, eta nik musikari ona izan nahi dut, horregatik saiatzen ari naiz honetan. Baino ez dakit lortuko dudan, oraindik goiz da hori jakiteko. Egonkortasuna lortzea da zailena.

Exit mobile version