Nontzeberri

“Jose Miguel de Barandiaran” ikerketa beka

Eusko Ikaskuntzak On Jose Migel de Barandiarani 1979. urtean egin zitzaion omenaldia zela eta, urteroko ikerketa beka sortzea erabaki zuen, omenaldia bera Barandiaranen ikerkuntza lanaren jarraipenean islada zedin.

Beka honetara Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo bizi diren eta euskal kulturaren alor horietan lanean ari diren pertsonek aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak, baina soilik argitaratu gabeko lanak eta izaera propioa dutenak finantzatu ahal izango dira, eta gaiaren berritasuna izango du kontuan epai mahaiak.

Euskal Herriko arkeologia eta etnologia dira bekaren ikerketa gaiak, txandakako ordenan, diziplina horietaz arduratu baitzen gehienbat On Jose Migel Barandiaran, eta 2020an egiten den deialdiak (Barandiaran Beka 2021) Euskal Herriko Etnologia gaia lantzea du helburu nagusi.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak bultzada eman nahi die ikertzaile gazteei zein hasiberriei. Hauek, banaka ala talde txikietan aurkeztu daitezke. Taldeak aurkezten direnean, proiektuan taldekide bakoitzak aurreikusten dituen eginbeharrekoak azaltzea eskatuko da.

Beka honek urtebeteko iraupena izango du eta ez du luzapenik izango, eta bekak banatuko duen saria 10.000 eurokoa izango da.

Datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version