Joan den urteko azaroan, Jose Luis Otamendik Kapital Publikoa poema liburu berria aurkeztu zuen. Harrezkeroztik hainbat errezitaldi eman ditu eta txoko askotako irakurleekin partekatu ditu bere esanak.
Gaur berton, berarekin egoteko eta mintzatzeko aukera paregabea egongo da Donostian. Bertan, Iñigo Aranbarri dinamizatzaile dela, Literatur solasaldia egingo da Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa poesia liburuaren inguruan.
“Denona den hori da kapital publikoa” diosku Otamendik, “inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia bat erakusten du poetak. “Galtzerik nahiko ez nituzkeenak, salatzeko modukoak iruditzen zaizkidanak, babestu beharreko jotzen ditudan gauzak dira poema hauen muina. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da”.
Euskal poesigintzako ahots nagusietako bat da Jose Luis Otamendi. Bere zortzigarren poema liburu hau hiru ataletan banatuta etorri zaigu: Bake hotza, Jendea oinez eta Gosaria eta legea.
Bere poemak irakurri nahi badituzue, hementxe duzue liburua osorik online.