Jon Ulecia gitarra jotzaile eta abeslari nafarrak Frame izenburuko bigarren lana kaleratu du Bilboko Sunthunder Records zigiluaren laguntzarekin. 2008an plazaratutako Last Night Dream estreinako lanean egin bezala, bigarren hau ere Cantina Bizarro taldearekin grabatu du Uleciak.
Rock-and-rolla biziki maite duen musikaria da Ulecia. Hala, bere diskoetan Australiako eta AEBetako rockaren zantzuak nabarmentzen dira batik bat. Horren isla Sunthunder zigiluaren webgunean jasotakoa: “Bigarren disko honetan Tav Falco, Mink de Ville, Beasts of Bourbon eta The Kinks talde britainiarraren liderra izandakoaren Ray Davies-en oihartzunak entzuten dira”.
Hortaz, disko berri honek aurrekoaren bideari heltzen dio, baina, agian, bigarren hau ilunagoa omen da, konplexuagoa, pertsonalagoa. Uleciak berak Bowieren Diamond dogs diskoarekin lotzen du, alegia, disko perfektu bat izan gabe, bere esentzia propioa duena. Izan ere, Uleciak esan du trantsizioko diskoa dela, hizkuntza propioa bilatzen duen urratsa. Dena dela, Melbourne eta Memphis hiriko eraginek bere horretan jarraitzen dute, elementu berriak ere grabatu dituen arren, esaterako, perkusio elektronikoak.
Daniel Uleciak eta Jonek berak grabatu dute diskoa lehenengoaren estudioan. Jon, gainera, ekoizpenaz ere arduratu da. Musikariei dagokienez, David Rourek baxua jo du; Chechuk gitarra eta Javier Eguiluzek bateria.