Aurten, urrian, Jon Mirande poetaren jaiotzaren 100 urte beteko dira, eta idazlearen figura nabarmentzeko, Iruñeko Karrikiri elkarteak eta Hizkuntza Eskolak Jon Miranderekin dantzan izeneko zikloa antolatu dute.
Hainbat saio egin dira jada. Adibidez, Josu Martinezek eginiko filma, Mirande, film bat egiteko zirriborroa, joan den astean programatu zen. Egileak hala deskribatu du bere lana: “Mirande arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa eta ezmorala omen zen. Miranderi buruz hitz egiten den bakoitzean, polemika biziak sortzen dira. Ez dakigu zer egin idazlearekin. Miranderi buruzko film bat egin nahi dut, baina ez dakit nola. Agian, interesgarriena hari hitza ematea litzateke.”
Atzo, Gorka Bereziartua, Katixa Dolhare-Zaldunbide eta Amaia Elizalde bildu ziren Zer egin Jon Miranderekin? izeneko mahai-inguruan.
Eta datozen egunotan beste bi saio antolatu dira: bihar, hilak 2, Miel A. Elustondo eta Mikel Soto bilduko dira Nor zen Jon Mirande? galderari erantzunak bilatzeko helburuz, eta Miel A. Elustondo eta Ihitz Iriarte Orhoituz. Jon Miranderen poemak saioan egongo dira, apirilaren 7an.
Horretaz gain, Jon Mirande (1925-2025) izeneko erakustea ikusgai izango da maiatzaren 9ra arte, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean.