Susa literatura argitaletxeak Jon Alonsoren Beltzaren Koloreak saiakera liburu berriaren aurkezpen ekitaldia egin du gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.
Nobela beltzaz aritu da idazlea oraingo honetan, azken ehun urteko 25 bat idazle nazioartekoren 150 liburu inguru irakurri eta aztertu ostean. Galdera batetik abiatu du saioa: Nolakoak ote dira nobela beltzetako protagonistak? “Detektibea garai batean poliziaren antagonista zen, eta detektibeen egitekoa zen ordena zaintzeaz arduratzen zirenen ustelkeriak eta gehiegikeriak azaltzea. Geroago antagonismoa leuntzen hasi zen, eta errealitatearekiko ikuspegia ere aldatu egingo da pixkanaka!”.