Joan Miró XX. mendeko margolari handienetako bat izan da, inolako zalantzarik gabe. Orain, Guggenheim Bilbao Museoan Joan Miró. Errealitate absolutua izeneko erakusketa batek bere obraren errepasoa egingo du (1920. urtetik -lehendabiziko aldiz Parisera egin zuen bidaiaren data- 1945. urtera arte). Erakusketa otsailaren 10ean hasi eta maiatzaren 28ra bitartean luzatuko da.
Bere obra abangoardien testuinguruan sortua, bereziki dadaismoaren eta surrealismoaren munduan, “berrikuntza formal ugariengatik eta erradikalengatik da miretsia”.
Esan dugunez, Parisera lehenengo bidaia egin zuenean hasi zen bere estiloa fintzen, eta gero Konstelazioak (Constellations, 1940–41) egin ondoren, eta urte batzuk apenas margotu gabe eman eta gero, artistak hondo zuriaren gainean margotutako obra sail handi bat sortu zuenean amaitu zen.
Oraingo erakusketak 25 urteetako ibilbidean margolariak etengabe landu zituen ideia berriak biltzen ditu. Bertan ere, nabaria da Mirók historiaurreko artearekin zuen mirespena. Izan ere, “bere ohar-koadernoetan baieztatu zuen hori, adieraziz artearen hastapenetara itzultzea eta bere jatorrizko zentzu espirituala berreskuratzea zela bere nahia.”
Hainbat jarduera egingo dira erakusketaren harira. Lehena, atzo, erakusketaren komisario Enrique Juncosak artistaren figuraren inguruko hitzaldi bat eman zuen. Eta martxoaren 10ean, Trazos: Joan Miró telebista-sailaren proiekzioa izango da. Paloma Chamorro kazetariak zuzendutako Trazos programaren hiru atal Museoko Entzungelan proiektatuko dira osorik. Horietan, kazetariak oso modu pertsonalean elkarrizketatu zuen artista, eta agerian geratzen dira Miróren grazia eta umorea. RTVEren ekoizpen bat da, 1978an artistak 85 urte bete zituenean egina.
Artista eta bere obraren gaineko xehetasun guztiak, hemen dituzue.
