Dantzarako musikaren arloan ibilbide luze eta emankorra du pianista donostiarrak, eta zer esanik ez ekoizle eta bakarkako egile gisa. Oraingo honetan Bidaurretak euskal folklorea arakatzeari ekin dio, gure ondare musikala gaur egungo soinu testuingurura ekartzeko.
Euskal nortasuna galdu gabe munduko edozein bazterretan disfrutatzeko moduko lana egin nahi izan du musikagile honek.
Diskoetxearen katalogotik aukeratutako piezez gain, kolaboratzaile aparten laguntzarekin (Aitor Diez, DJ Makala eta Viorica Ghertescu abeslariak, Carlos Subijana albokaria, Eneko Espino txistularia, Aitor de Juan ukelele eta gitarra jotzailea…) eta bere estudioko baliabideak erabiliz lan bitxia prestatu du Bidaurretak.
Musika irekia, lotsarik gabea eta ludikoa plazaratzeko sortu zuen Gaztelupeko Hotsak-ek Dantza Baltza azpi-zigilua.
Nazioartean nahiko joera zabaldua bada ere ethno-dance deitu izan zaion hori, gurean orain arte eginik gabe zegoen horrelakorik. Tradizioari errespetua galdu gabe, hura belaunaldi berriei ezagutzera emateko beste modu bat da, gaur egungo garaietara egokitua, azken finean.
Hotsak diskoetxeak bidalita