Bilboko Institut français erakundeak eta EHUk Jean-Pierre Melville zine zuzendariari buruzko zikloa ondu dute otsailean, Jean-Pierre Melville zinegileari gorazarre izenburupean. Hala, lau film pantailaratuko dira Bilbon dagoen Bizkaia Aretoan, bai eta zinegilearen inguruko dokumentala ere, Olivier Bohler-ek zuzendua.
Saioen aurkezpenak eta emanaldien osteko solasaldiak Gabriel Villota EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitateko irakasleak egingo ditu.
Melvillek AEBetako zine beltzetik edan zuen zanga-zanga, Nouvelle Vague mugimenduko zinegileentzat eredu izango ziren noir estiloko film frantziarrak egiteko. Estilo aldetik, noir lehorra filmatu zuen Melvillek, hitz gutxiko pelikulak, baina misteriotsuak eta era berean tentsioz beteak.
Gabriel Villotaren aburuz, “pertsonaia bakartiak, atsekabetuak, kale hutsetatik oinez, haien babesik eza agerian jartzen duten enkoadraketa bikainen bitartez: horiexek dira Jean-Pierre Melvilleren pelikuletako protagonistak. Frantziar zuzendarien artean estatubatuarrena izatea hainbestetan leporatu zioten arren, gerraosteko Europan berezkoa zen nihilismoaren arrasto garbiak erakusten zituen bere pertsonaietan, zeintzuek ezin hobeto islatzen baitzituzten literatura existentzialista alde batetik eta zentzugabekeriaren antzerkia bestetik”.
Hauexek dira egitarauaren baitan pantailaratuko diren filmak: otsailaren 1ean, L’Armée des Ombres (1969); 8an, 24h de la vie d’un clown (1946) eta Bob le flambeur (1955); 15ean, Le Cercle Rouge (1970); eta, azkenik, 22an, Olivier Bohler-ek zuzendutako Sous le nom de Melville (2008).
Informazio gehiago: ehu.eus.