Uztailaren 1etik 3ra Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak Jazzber jaialdia antolatu dute. Ekimen musikalak hiru kontzertu eskainiko ditu Kafe Antzokian, 20:30ean, sarrera doan dela.
Antolatzaileen esanetan, “Jaialdiak generoaren aniztasuna eta gaur egungo joerak erakutsiko ditu, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien proposamenekin. Jazzberrek, urteetan zehar, erreferentziazko hitzordua izatea lortu du eskualdean, eta aurten ere musikazaleei esperientzia aberatsa eta kalitate artistiko handikoa eskaintzeko prest dator.”
Gaur berton, uztailak 1, izango da lehen zita Itxaso Quartet taldearekin. Itxaso Quartet taldeak Gaztelugatxe aurkeztuko du. Zortzi kantuz osatutako disko honetan, nazioarteko ahots handien errepertorioko abestiei heltzen die Itxasok. Horrez gain, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez eta Natxo de Feliperen abestiak ere jasotzen ditu.
Uztailaren 2an, Bolonian sortutako Frame jazz laukotea arituko da. “Jazzaren tradizioari eusten diote, baina aldi berean musika modernoekin lotura berriak eta bestelako adierazpideak esploratzen dituzte”.
Eta barikuan, Saul Andreu Quartet taldearen txanda izango da. Jazzaren inguruko hainbat eragin uztartzen dituzte: funky-a, soul-a, musika latindarra eta erritmo afro-kubatarrak, besteak beste.
