Jazzargia elkarteak Jazz Uhinak programaren XXI. edizioa abiatuko du egunotan. Betiko legez zikloak “talentu berriak deskubritzearen, artistei laguntzearen eta jazzaren adierazpen guztiak zabaltzearen alde egiten jarraitzen du”.
Gasteizko ekimenak tokiko proposamenak, nazionalak eta nazioartekoak uztartuko ditu, “dibertsitatea eta musikaren askotariko lengoaiak ardatz hartuta”, eta beti ere, bokazio didaktikoarekin.
Hala, XXI. edizioak neo soula, gospela, egile-abestiak, prestakuntza-jazza, flamenkoaren eta Brasilgo musikaren arteko uztarketa eta jazza eta hip hopa zabalduko dituzten sei kontzertu ondu ditu. Kontzertuak Jesus Guridi Kontserbatorioan izango dira, azaroaren 24tik apirilaren 20ra bitarte, 19:00etan.
Lehen kontzertua hilaren 24an izango da, Carlota Urdiales kantariarekin. Bere ikuskizunean neo soula, r&ba eta hip hopa uztartzen dituen musikak haizatuko ditu. Indarra eta gertutasuna uztartzen ditu bere musikan eta etengabe eboluzionatzen ari den hizkuntza propioa darabil.
Datorren hilean, Bartzelonatik helduko da Jericó Gospel, 14 abeslarik eta lau eta zortzi musikari bitarteko banda instrumental batek osatutako proiektu korala. Katalanezko eta espainolezko abesti originalak uztartzen dituzte, gospelaren, musika urbanoaren, jazzaren eta erritmo latinoen ukituekin.
Datorren urteko kontzertuak Jazz Uhinak zikloaren webgunean dituzue.
