Nontzeberri

Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloaren kontzertua

Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloa urrian hasi zen eta maiatzera bitartean zortzi kontzertu proposatuko ditu bere XIX. edizioan. Hitzordu guztiak Gasteizeko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango dira, 19:00etan.

Diogun moduan, urrian izan zen lehen kontzertua, eta Fred Hersch musikariak egin zuen. Azaroaren 19an, Carmen Souzaren ahotsa izan zen protagonista.
Eta gaur berton, abenduak 17, Joyful Gospel Choir taldearen txanda izango da. Abesbatza 40 abeslarik eta bost musikari profesionalek osatzen dute, eta Araba, Errioxa, Burgos, Nafarroa eta Kantabriako agertoki garrantzitsuetan ibilitakoa da.
2020an, Joyful Gospel Choirrek bere bigarren albuma kaleratu zuen, Gospel del Siglo XXI. Abesbatzak gainera, konpromiso sozial sendoa erakusten du, “baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen parte hartzea bultzatzen baitu, musika gizarteratzeko eta itxaropenerako bitartekotzat erabiliz”.

Datorren urteko kontzertuak honako hauek izango dira: urtarrilaren 21ean, Estela Julia Sextet iritsiko da Gasteizera; otsailaren 18an eta martxoaren 25ean, berriz, prestakuntzarako jardunaldiak antolatu dira Jesus Guridi Kontserbatorioko eta Luis Aramburu Udal Musika Eskolako ikasleekin. Apirilaren 29an, Jessica Pina Trioren kontzertua programatu da, eta maiatzean, Billie Sings Soul taldearen txanda izango da.

Informazio guztia: Jazz Uhinak Hirian Barrena

Exit mobile version