Nontzeberri

Jazz musikaz blaituriko bost egun

Uztailean jazzak bustitzen du Getxo, eta gainera, Jazz Euskadi zirkuitu ospetsua abiatzen da bertan. Aurten 49. urteurrena ospatuko du Getxok, eta ondu duten programazio musikalean maila handiko artistak arituko dira.

Aurten uztailaren 1etik 5era izango da jaialdia eta ordainpeko kontzertuak izango dira. Kontzertu horietan Moisés P. Sánchez, Camille Thurman, Charles Lloyd, Immanuel Wilkins eta “Latin Miles” Pepe Rivero kubatar piano-jotzaileak gidatutako Miles Divesen omenezko proiektua nabarmentzen dira.

Gaur berton, uztailaren 1ean, zabalduko dira ekimenaren ateak Moisés P. Sánchez piano-jotzaile eta konpositorearen eskutik. Grammy Latinorako izendatua, bi aldiz Musika Independentearen MIN Saria irabazia, artista madrildarra Espainiako jazz-eszenaren balio nagusietako bat da. Getxon, besteak beste, Dedication II azken laneko kantuak joko ditu, freskotasunez betetako obra. Horretarako, Javier Vercher (saxo tenorra), Toño Miguel (kontrabaxua), Naima Acuña (bateria) eta, gonbidatu berezi gisa, Cristina Mora abeslaria izango ditu lagun.

Bigarren egunean, hilaren 2an, osteguna, Camille Thurman (New York, 1986) arituko da. Uztailaren 3an, ostirala, aurtengo edizioaren protagonista nagusienetako baten txanda izango da: Charles Lloyd (1938; Memphis, Tennessee) saxofoi jotzaile eta konpositore ospetsua.
Uztailaren 4an, larunbata, Kubako zazpi musikari ezagunek osatutako Sketches of Latin Miles proiektuaz gozatuko dute ikusleek. Eta uztailaren 5ean, igandea, Immanuel Wilkins (1997, Philadelphia) saxofoi jotzaile gazteak itxiko du jaialdia.

Horiez gain, Talde Lehiaketako talde gazteen emanaldiak eta doako kale-programazio zabala izango dira Algortako Geltokia plazan, baina baita, lehen aldiz, Muxikebarri parean eta Areetako hiri-ingurunean ere.

Xehetasun guztiak: Getxo Jazz

Exit mobile version