Jeronimo Martin pianista bilbotarrak Quinoa (Errabal) disko berria aurkeztu du gaur goizean, maiatzak 31, Bilbon. Bigarren lan honetan Piedraescrita estreinako lanaren estiloari jarraitzen dio, alegia, musika klasikoaren eta jazzaren uztarketari. Formatuari dagokionez, baina, aldaketa nabarmen bat dago, izan ere, aurrenekoan hirukote formatuarekin grabatu bazuen ere, oraingoan seikote gisa aritu da, tronboi, tronpeta eta saxoaren laguntzarekin.
Bi urtez egon da bilbotarra disko honetako zortzi kantuak konposatzen. “Estruktura eta forma berriak sortzea zen helburua”, azaldu du piano jotzaileak. Izan ere, biziki gozatzen du sormen lan horretan, “konposizio faserik kitzikagarriena da”.
Pieza luze horiek banda baten dinamikara eramaterakoan baina, hirukotea mugatuegia zela ohartu zen. “Musikak indar gehiago behar zuen, eta nota luzeak eta intentsuak egiteko pianoa mugatua da, horretarako haize instrumentuak behar nituen”. Hala, seikotea eratu zuen, “esperimentatzeko xedearekin”.
Julen Izarra (saxo tenorea), Ruben Salvador (tronpeta eta fliskornioa), Gonzalo Fernandez de Larrinoa (tronboia), Javier Mayor (kontrabaxua), eta Hilario Rodero (bateria) musikariek osatzen dute seikotea.
Piezen estiloari dagokionez, Martin jazz ganberako musika klasikora eramaten saiatu da, alegia, inprobisazioa eta musika idatzia nahasten. Uztarketa horren erreferente 50eko hamarkadaren amaieran ezagun eta Gunther Schuller buru zuen Hirugarren Korrontea jazz estiloa aipatu du. Dena dela, bi estiloen hurbilketa hori “berez” ateratzen zaila dela nabarmendu du.
Diskoaren pieza guztiak, gainera, malenkoniaren eta itxaropenaren inguruan ardaztu ditu. “Istorio pertsonalak irudikatu ditut, nire sentimendu eta pentsamenduak”. Diskoa iragan abenduan grabatu zuten Donostiako Elkar estudioetan Jean Phocas eta Victor Sanchez teknikarien laguntzarekin. Nahasketa, berriz, Bilboko Balea estudioetan egin dute eta Jeronimo bera eta Unai Gonzalez arduratu dira nahasketa horretaz. Grabaketan lortutako emaitzarekin pozik agertu da Martin.
Bideoan diskoa irekitzen duen Obertura pieza entzun daiteke zuzenean.
