Jazz musika eta zinema askotan joan dira eskutik loturik, “jazzak maiz elikatu ditu filmetako soinu-bandak, eta muntaketa zinematografiko ugaritan ere nabarmena da jazzaren eragina”.
Horrexegatik, harreman hori nabarmentzeko, Euskadiko Filmategiaren Jazzinema zikloa abiatzen du urtero Euskal Herriko jazz-jaialdiekin bat egiteko.
Aurtengo zikloa gaur berton, hilak 3, hasi egingo da Artium Museoan Köln 75 (Ido Fluck, 2025) filmarekin. Piezaren korapiloa hauxe duzue: “Vera Brandes-en benetako historia, zeina Koloniako 70eko hamarkadako musika-eszenaren ikono adoleszentea izan baitzen; den-dena arriskatu zuen bakarlari baten kontzerturik handiena antolatzeko: Keith Jarretten Koloniako kontzertu ospetsua. Zenbait ustekabe baliatu eta bidean sortutako oztopo guztiei aurka egin ondoren, jazzaren historiako kontzertu eta disko mitiko bat osatu zuten Jarretten talentu eta espirituak eta emakume baten erabaki irmoak.”
The Conversation (Francis F. Coppola, 1974), Legacy (Manal Masri, 2025) eta Soundtrack to a Coup d’État (Johan Grimonprez, 2024) filmak ere pantailaratuko dira.