Ateneo Guipuzcoanok, Donostia Kulturaren laguntzarekin, Literatura jazarriak izeneko hitzaldi-zikloa antolatu du maiatzeko ostegunetan. Gaur berton abiatuko den zikloko saioak Liburutegi Nagusian izango dira, 19:00etan hasita.
Hortaz, gaur, maiatzak 8, Unamuno Hendaian (1925-1930) izeneko saioa eskainiko du euskaraz Itxaro Borda, idazlea, itzultzailea eta euskaltzainak. Itxarok hauxe kontatuko du gaur berton: “Nola heldu zen Unamuno Hendaiara? 1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Riverak, estatu kolpe baten karietara, boterea hartu zuen Espainian. Urte bete beranduago, goizeko seietan, soldaduak etorri zitzaizkion bila Salamancako etxera Kanarietara desterruan eramateko. 1924an, ihes egin zuen Parisera, -La Perouse karrikako plaka lekuko-, eta 1925eko agorrilaren bukaeran Hendaian sustraitzen da, hain maite zuen Espainiako mugatik hurbil, nahiz eta ez zuen ahanzten muga horren beste aldean estimu handitan zeukan Euskal herri hura ere hedatzen zela. Egun oroz, bazkal ondoan, Hendaiako Errepublika plazara zihoan, hango Grand Café-ko terrazan kafea hartzeko eta beste errefuxiatu espainolekin egunkariak arakatzeko. Aroaren arabera, Ondarraitzeko puntaraino joaten zen oinez edo Txingudiko bahiaren zeharkaldia egiten zuen, Biriatura ere luzatuz noiztenka. Hendaian bilbatu zuen Romancero del destierro bildumako Orhoit gutaz olerki hunkigarriak Biriatun ditu erroak.
1930eko urte hasieran erori zen Primo de Rivera. Handik gutxira Unamunok muga zeharkatu zuen eta hegoaldeko hirietan heroi baten antzera hartu zuten, milaka jendek ongi etorria egiten ziotela. Egia erran, 1926an diktadoreak indultatu zituen Unamuno eta bere lagunak, beraz Espainiara askoz lehenago itzultzen ahal ziren. Baina Unamuno horrelakoa zen, buru gogorra -euskalduna?- eta historia egiten ari zelako urguilu azkarrekoa”.
Maiatzaren 15ean, Lu Xun y Shen Congwen: dos caras de la modernidad literaria china izeneko saioan hartuko du parte txinatar literaturako itzultzaile eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea den Maialen Marin-Lacartak. Maiatzaren 22an, Mathilde Tremblais ikertzaile eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak La vida de la escritora Irène Némirovsky hitzaldia egingo du. Eta azkenik, maiatzaren 29an, Un payaso de nailon que enreda y trueca las consignas: el caso Padilla saioa egingo du Francisca Noguerol ikertzaileak.