Gorka Bilbao gernikarrak zuzendutako Jai Alai Blues dokumentalaren aurre-estreinaldia egingo da gaur, urriak 29, Bilboko Azkuna Zentroan, 20:30etik aurrera.
Donostiako Zinemaldian ere izan zen Jai Alai Blues, Zinemira atalean, eta azaroaren lehenengo astean, hainbat zine-aretotan aurkeztuko da.
Filmak zesta punta kirolak aspaldi munduko makina bat herrialdetan bizitako loraldia du ardatz. Dokumentalak ondoko galderari erantzun nahi dio: “Nola izan liteke zesta punta (Jai Alai) bezalako kirol bat hainbat eta hainbat herrialdeetara zabaldu izana?”.
Hala, filmak zestaren historia jorratzen du, bai eta kirola horrek egindako ibilbidea arrakastatsu hainbat herrialdetan barrena. “Egipto, Txina, Filipinas, Kuba, Mexiko edo Estatu Batuak Jai Alaien historiaren lekuko izan dira. Herrialde horietan, pilotariak artistatzat hartuak izan ziren eta hedabideek frontoietako nondik norakoen berri eman zuten”.
Gorkarekin hitz egin dugu proiektuaren nondik norakoak jasotzeko.
Gorka, nola sortu zen lan hau egiteko ideia?
Zigor Etxebarria, nire lankideetako bat Berde Produkzioak-en, Jai Alairen zale handia da, eta proiektu hau aspalditik zeukan buruan. Azkenik, une egokia aurkitu zuen egitasmo hori abiatzeko, eta proiektura gehitu nintzen, izan ere, bai bera, bai muntatzailea, Hannot Mintegia, Gernikako Jai Alai eskolan aritu ziren txikitan, eta bertatik, gerora izar bihurtu ziren hainbat pilotari atera ziren. Pilotari haiek kontaturiko historia eta anekdotak dokumental honen hazia izan dira.
Zeintzuk izan dira proiektua gauzatzerakoan aurkitu dituzuen zailtasun azpimarragarrienak?
Oso proiektu pertsonala den aldetik, detaile guztiak zaindu nahi dituzu, ahalik eta ondoen. Eta kasu honetan, filmean hainbat pertsonaiek parte hartzen dutenez, zoratu egin ginen, elkarrizketa eta material asko geneukalako. Ordu asko geneuzkan grabatuak, beraz, zailtasun handiena material hori gure gidoiaren barruan egituratzea izan da.
Filmaketaren zein une gogoratzen du bereziki?
Angelito Ugarte ezagutzea izan dugun esperientziarik aberatsena izan da. AEBetan pilotari handia izateaz gainera, bizitza gozatzeko gaitasun ikaragarria dauka. Ugarterekin izandako elkarrizketen bidez, asko ikasi duzu bizitzaz. Horretaz aparte, oso atsegina izan da Kuba, Mexiko eta AEBetan barrena bidaiatzea, hain pertsonala den proiektu hau garatzeko. Benetan gustuko duguna egiten ari ginen lau lagun ginen.
Jai Alai kirolak mundu osoan bizi zuen hedapena kontatzen du dokumentalak. Zerk eragin zuen zabalkunde eta onarpen handi hori?
Batetik, Jai Alai kirol ikusgarria da, azkarra, eta arrisku dosi nahikorekin. Inoiz ikusi ez duen nornahiri gustatuko litzaioke. Bestetik, aitortu behar da Jai Alairen hedapenaren motor nagusia apustua izan dela. Bi elementu horien uztarketak ahalbidetu zuen apustua sustraitua zegoen hainbat herrialdetan erakargarri bihurtzea. Eta hori enpresariek ondo baliatu dute, duela 100 urtetik hona.
Guzti horren unerik garrantzitsuena 70eko urteetan gertatu zen, World Jai Alai izeneko konpainiak enpresa-plan bat sortu zuenenean, Jai Alai AEBetako lurralde osoan zabaltzeko, NBA edo baseball edo fooball ligen antzeko zerbait. Dokumentalaren bigarren zatiak, hain justu, enpresa horren ibilbidea jorratzen du.
Gure asmoa beti izan da dokumentala ikusle mota guztientzako interesgarria izan dadila. Ez izatea zestazaleentzat baino ez. Eta World Jai Alai enpresaren historia benetako thrillera da, garai hartan Miamiko frontoian dirutza ikaragarriak mugitzen baitziren. Gauero, 15.000 eserlekuak bete egiten ziren, eta ostiral eta larunbatetan, milioi bat dolar fakturatzen ziren apustuetan. Hala, drogaren kartelak arrakasta hori baliatu zuten dirua zuritzeko, mafia enpresan sartu zen, presidentea erail zuten… Pilotariek ez zuten trama horren berri, baina gehiegikeriez eta glamour-ez betetako giroan bizi ziren. Frontoia gauero betetzen zen, eta zine, kirol edo politika izar asko VIP guneetan esertzen ziren, pilotariak ezagutzeko asmoz. Egia da historia honetaz kanpai asko entzun direla, baina gutxik ezagutzen dute ondo.
Filmean, kirolaren gaurko egoera jasotzen duzue. Asko aldatu al da Jai Alairen urrezko garaiarekin alderatuz?
Tira, ez dut dokumentalaren amaiera azaldu nahi, baina uste dut guztiok dakigula egun, zestak ez duela AEBetan bere unerik goxoena bizi. Urrezko sasoi horretako beste plaza klasiko bat Mexiko DF izan zen. Bertako frontoia itxita dago, baina irekitzeko asmoa daukate, eta publikoaren harrera ona bermatua dago. Horretaz gainera, badira baikorrak izateko bestelako arrazoiak: uda honetan antolatu diren torneo guztietan jendetzak bildu dira, izan ere, promozioan ahalegina eginez gero, ikus-entzuleek oso ondo erantzuten dute. Badirudi hedabideen babes handiagoarekin kirolak hobera egingo lukeela Euskal Herrian. Horretaz gainera, bada 70eko urteetatik hona aldatu ez den zerbait: jolaste maila. Pilotari gutxiago daude, frontoi industrial gutxiago baitaude, baina jolaste maila ikaragarria da, eta zesta-eskolak oso ondo ari dira lanean Euskal Herrian.
Soinu banda propioa ere ondu duzue filmerako. Nolakoa izan da prozesu hori eta nortzuk parte hartu dute?
Duela lau urte, Amerikanuak dokumentala egin genuen, Audience taldearen soinu bandarekin. Audience ere gernikarrak dira, eta lagunak aspalditik, hortaz, elkarlana berezkoa izan da. Hori dela eta, oraingoan ere argi geneukan haiekin egingo genuela lan, eta egia esan, luxua da zure pelikularako propio eginiko soinu banda izatea. Horretaz gainera, Hannot Mintegia filmean parte hartu du, lantaldeko kidea da, zuzendari laguntzaile aritu da, bai eta muntatzaile ere. Beraz, Audiencek oso gertutik jarraitu du proiektua, hasiera-hasieratik.
Amerikanuak lanaren kasuan, Audiencen sonoritatea egoki txertatu zen AEBetako mendebaldean grabatutako irudietan, naturaltasun osoz. Jai Alai Blues dokumentalean, baina, lokalizazioak askotarikoak dira: Asiz, Kuba, Mexiko… eta horretara ere ondo egokitu da Audience. Hala, soinu bandak biltzen dituen erregistro guztiak oso lagungarriak izan dira aukeratu dugun formatua garatzeko, arina eta indartsua. El Txef_A musikari elektronikoak ere parte hartu du bi doinuren konposizioan.
Gaur egingo duzue filmaren aurre-estreinaldia Bilbon. Zer espero duzu?
Bai, Azkuna Zentroan izango da. Zestarekin harremanik ez duen ikus-entzuleengana iritsi nahi dugu, ez bakarrik zaleengana. Ahalik eta jende gehiagori kontatu nahi diogu historia hau, hori izan baita gure asmoa hasieratik. Gure ustez, dokumentala erakargarria izan daiteke ikus-entzule mota guztientzat, horretarako osagaiak biltzen baitu.
Azkenik, noiz iritsiko da areto komertzialetara?
Azaroaren 6an, Bilbo, Donostia eta Gasteizko aretoetan izango da. Gero, hainbat herritan ikusi ahalko da, zenbait hilabetez.