Nontzeberri

Jabetzea eta ahizpatasuna

Gasteizen burutzen den Jabetze Feministarako Eskolarako hitzorduen artean, ostegun honetan, hilak 11, eta 3ren Artean zineforumaren barruan, Queen Lear (Pelin Esmer, 2019) izeneko filmaren proiekzioa programatu da, bertako Florida zineman. Jatorrizko bertsioa turkieraz izango da, eta azpitituluak gaztelaniaz. Helena Gonzalez Estevezek gidatuko du ekimena, zineforumen koordinatzailea eta dinamizatzailea eta Zinhezba kultura-elkarteko zinema-programatzailea denak.

Jabetzea eta ahizpatasuna lantzen dituen obraren sinopsia honakoa duzue: 2000ko hamarkada hasieran, Turkia hegoaldeko mendigunetik etorritako nekazari emakume talde batek antzerki-taldea osatu zuen. Geroago, emakume haiek autore beraren dokumentalaren protagonista izan ziren, The Play (2005). Esperientzia hartan, emakumeek herriko beren bizimodua antzezten zuten. Orain, ia hogei urte eta gero, taldea berriro elkartuko da road trip bati ekiteko. Bertan Shakespeareren King Lear antzezlan klasikoa interpretatuko dute, Turkiako mendiko herririk urrutienean, non ura edatea ere erronka handia den. Bidaia igaro bitartean, ordea, euren bizitzek obrako pertsonaien bizitzekin bat egingo dute, eta, hala, arian-arian, obrak Queen Lear izena hartuko du.

Sari garrantzitsuak lortu dituen lana da, tartean, Sail Ofiziala Sarajevoko Zinemaldian, Mostra Internacional de Films de Donnes jaialdian eta Sail Ofiziala IDFAn.

Exit mobile version