Nontzeberri

Izaskun Arrue Kulturgunean bi ikusgarri eder antolatu dituzte

Bihar eta etzi, bi ikusgarri eder antolatu dituzte Gasteizeko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK). Bihar, otsailak 12, Maialen Lujanbiok RR_6_erre(AH)ala egingo du, eta hurrengo egunean, Marina Eskisabel eta Iker Sanz dantzariek Nun Zira? pieza egingo dute.

Biharkoaren ardatza hitzen performantzia izango da. “Hitz esanak eta kantatuak, ahozkoak eta idatziak, ikusteko eta entzutekoak. RR emanaldiak, lengoaia du lehengaia, eta hura oretzen eta maneiatzen du forma desberdinetan garaiko gaiez jarduteko. Maialen Lujanbioren eztarritik, errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus-entzutekoa da RR.”

Osteguneko ikuskizunak “gizaki izateaz hitz egiten du, partekatzeaz, izatearen existentzia balorean jartzeaz eta maite ditugun pertsonekin elkar bizitza bat sortzeaz. Ikuslea ikuspuntu beliko batean kokatuz, bikote bat osatzen duten bi dantzariek, abesbatzaren babesean, momentu intimoenetatik giza biziraupenaren borrokarik krudelenera arte bidaia bat sortuko dute, non maitasuna izango den tramaren heldulekua. Egoera traumatiko bat bizi ondoren, nortasuna berreraiki behar da eta ibilbide horretan datza pieza hori”.

Exit mobile version