Nontzeberri

“Izarrak Behatzen” euskal emakume zuzendarien lanak, EHUn

Euskal emakumeen film luzeak eta laburrak pantailaratuko dira martxoaren 21 eta 28an, Arte Ederren Fakultatean.

Lehen saioan, hilak 21, Estibaliz Urresola zuzendariaren 20.000 especies de abejas filma ikusteko aukera egongo da,10:00etan.  Filmak honako hau kontatzen du: Coco, 8 urtekoa bera, ez da sartzen gainerakoek beragandik espero duten horretan, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruan denek Aitor deitzen diote, setati, baina berak ez du bere burua izen horrekin eta begirada horiekin identifikatzen. Amarekin eta bi anaiarekin bidaiatuko du amonarenera, eta izebarekin erlezaintzan eta ezti ekoizpenean hasiko da. Oporraldia egingo dute bertan, eta bizimodua aldatuko zaie.
Pieza zinematografikoak genero identitateari, duintasunari eta errespetuari buruz gogoeta egoteko gonbitea luzatzen digu. Neskato trans baten nortasun bilaketa hutsean gelditzen ez den filma da, baina horretaz gain, familian eta belaunaldien artean sortzen diren gatazkak ere erakusten ditu.
Geroago,  Arantza Santestebanen 918 gau filma pantailaratuko da. Lanaren korapiloa hauxe duzue: 2007ko urriaren 4an, Arantza, filmaren zuzendaria, atxilotu eta espetxeratu zuten. Zenbait oroitzapen gordetzen ditu egun haietatik: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan… 918 gau giltzapetuta eman eta gero, Arantza aske geratu zen. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta filmean zehar azalduko ditu, memoria zatikatu baten eran.

Hurrengo saioa martxoaren 28an izango da, eta hitzordu horretan hiru film ikusteko aukera eskainiko da:  El sueño de la sultana (Isabel Herguera), Beti Bezperako Koplak  (Begoña Vicario, Ageda Kopla Taldea) eta Cuerdas (Estibaliz Urresola).

Exit mobile version