Euskal musikari buruzko Badok ataria Bilboko Loraldia Festibalarekin aritu da lankidetzan. Hala, elkarlan horren emaitza larunbatean Bizkaiko hiriburuko hiru gunetan egingo diren kontzertuetan gauzatuko da.
Badok webgunearen arabera, “oraingoan, jaialdi txiki baten formatua hartu du elkarlanak, eta hiru kontzertu jarraian plazaratuko ditu egun berean, apirilaren 1ean. Gaurko musikaren bihozkadak neurtzeko parada eskainiko du Badok Egunak”.
Hala, Izaro kantaria Biba gunean izango da, 19:30etik aurrera. Izarok OM izeneko bere estreinako lana aurkeztu zuen iaz. Mallabiko neska arin egiten ari da ibilbidea musikaren munduan. Duela bi urte hasi zen gitarra jotzen eta lehen kontzertuak ematen. Youtubeko plataforman kanta bat igo (Paradise) eta Pikadero izeneko filmerako aukeratu zuten (gaur egun ia 40 mila bisitaldi ditu). Harrezkero pausoz pauso, baina ere berean abiadura meteorikoan kontzertuak ematen ibili da lehen diskoak argia ikusi duen arte. Izarorekin batera Iker Lauroba, Oriol Flores, Ane Bastida eta Julen Barandiaran daude diskoan.
Gau partean, Badok Egunak Kafe Antzokian jarraituko du: 21:00etan, Mungiako Lukiek taldeak joko du, Strokes, Nirvana eta The Clash taldeetatik edaten dute mungiarrek, eta 22:30ean, Hesian banda nafar arrakastatsuaren txanda izango da, Bizkaian aurten egingo duten estreinako emanaldia izango da.
