Nontzeberri

Izaki Gardenak, Inoren Ero Ni eta Luther Rusell, Arrasaten

Arrasateko gaztetxeak Kooltur Ostegunak izeneko musika-egitaraua ondo du; hala, apirileko hiru ostegunetan, hiru kontzertu interesgarri izango dira: 3an, Izaki Gardenak; 10ean, Inoren Ero Ni; eta, azkenik, 24an, Luther Rusell estatubatuarra.

Jon Basagurenek (ahotsa eta gitarra) zuzentzen du Izaki Gardernak rock-egitasmoa; Joseba B. Lenoir (gitarra eta ahotsa), Libe Garcia de Cortazar (teklatua eta ahotsa), Eneko Leza (baxua) eta Iker Fernandez (bateria eta perkusioak) musikariek Amaieratik hasi izenburuko bigarren lan sendoa plazaratu dute Oihuka diskoetxearen bitartez; 2012an, hain zuzen ere, Itsasargiak bost kantuko lana plazaratu zuten. AEBetako sustraidun rocka jorratzen du boskoteak.

Inoren Ero Ni, berriz, talde nahikoa ezaguna da, izan ere, taldekideak makina bat egitasmotan aritutako musikariak dira; tartean, BAP!, Anari eta Lobo Eléctrico. Fregoli da euren azken lana.

Luther Russell, berriz, AEBetako Los Angeles hiriko musikaria eta ekoizlea da, eta 90eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea Los Freewheelers taldearen eskutik. Bakarlari gisa, askotariko diskoak argitaratu ditu, rock, folk, power-pop… The Invisible Audience bere lan berria bikoitza eta anitza da; Espainian Grabaciones De impacto diskoetxeak plazaratu du.
Arrasaten Nafarroako musikariekin arituko da: Iñigo Cabezafuego (Atom Rhumba), Mauri (Son los Grillos) eta Ander My Wheels (Royal Canal). Russel, gainera, Donostiako Le Bukowski Klubean ere izango da apirilaren 25ean.

Exit mobile version