Nontzeberri

Ixo Teatroak “Eros” bere lehen lana aurkeztuko du

Arnatz Puertas eta Luix Mitxelena partaideek Ixo Teatroa antzerki konpainia sortu berri dute. Biak amaitu dituzte ikasketak Dantzertin eta haien ibilbide profesionalean bide berri bat elkarrekin eraikitzeko erabakia hartu dute. Konpainia horren lehen lana, Eros maskaraz eta testurik gabeko antzezlana, aurkeztuko dute Pabellón 6n, maiatzaren 18, 19, 23, 24, 25, eta 26ean.

Aretoko ordezkariek eman dizkigute talde berriaren nondik norakoak: “Bi sortzaileek partekatu dute betidanik komedia gestualaren bitartez istorioak kontatzeko grina. Antzerki fisikoa dute adierazpide eta haren bitartez azaleratu nahi dituzte oholtzan gatazka sozialak, hausnarketa pertsonalak eta beraien bizitza ikusteko eta gizakiak ulertzeko modua. Guzti hori hitzik erabili gabe. Gorputzaren bitartez. Hain zuzen ere, beraiek ongi dioten bezala: “testutik urrunduz, modu zuzenago batean konekta daiteke ikuslearekin muga linguistiko horiek saihestuz. Eta maitasunaren maskarez hitz egiteko zer maskaren ikuskizun bat sortzea baino erabaki hoberik?”.

Lanaren korapiloa hauxe duzue: Bi pertsonek bikote-harreman bati hasiera eman nahi diote. Biak sentitzen dute atrakzioaren beldurra, biak kikiltzen dira egia mingarriei aurre egiterako garaian eta horrexegatik maskaratzen dira.
Bi maitemindu maskaraturen istorioa da Eros. Ikuskizun honen bitartez maitasuna zaintzeko bidean agertzen diren beldurren eta zailtasunen inguruan hitz egin nahi da, baina hitzik gabe.

Arnatz Puertas da dramaturgia eta zuzendaritzaren arduraduna, eta aktore taldea Nagore Cenizo-Arroyo, Aitor Echarte, Itxaso Gil, Luix Mitxelena eta Leire Ormazabalek osatzen dute.

Gogoan hartu, lehen emanaldia maiatzaren 18an, 19:30ean, Bilboko Pabellón 6 aretoan.

Exit mobile version