Nontzeberri

Ivan Zulueta zinemagilearen “Asaldura” erakusketa Artium Museoan

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Artium Museoak, Ivan Zuluetaren “Asaldura” erakusketa inauguratu du. Euskal zinemagilearen filmografiaren izenburu nagusiekin batera, martxoaren 5era arte, ikusgai izango dira Zuluetak diseinatzaile grafiko gisa egindako lanen adibide batzuk, filmetako kartelak, disko-azalak, argazkiak, argitalpenak edota marrazkiak, besteak beste.

“Asaldura” erakusketaren bihotza 70eko hamarkadako filmak dira: 1969ko Un, dos, tres, al escondite inglés film laburretik hasi eta 1979ko Arrebatoraino. Hain zuzen, zinemagile donostiarrak hamar urteko bitarte horretan egin zituen film laburrak dira erakusketaren arima. Bertan, zinemagileak irudi bidezko hizkuntzaren inguruan egindako berrikuntza eta ikerketa estetikoaren lan handia erakusten da.

Era berean, Ivan Zuluetak (Donostia, 1943-2009) marrazkilari gisa egindako lanaren obra sorta adierazgarri bat ere badago ikusgai, besteak beste, New Yorkeko egonaldian (1964) egindako marrazkiak. Diseinatzaile grafiko gisa egin zituen lanek ere badute bere lekua. Izan ere, aipagarriak dira Zuluetak hainbat filmetarako egindako kartelak: Furtivos (Jose Luis Borau, 1975); Camada negra eta El corazón del bosque (Manuel Gutierrez Aragon, 1977 eta 1978); Viridiana eta Simón del desierto (Juan Luis Buñuel, 1977 eta 1978ko berrestrainaldikoak); baita, Laberinto de pasiones, Entre tinieblas eta Qué he hecho yo para merecer esto (Pedro Almodovar, 1982, 1983 eta 1984).

Disko azaletarako egindako diseinu batzuk ere ikusgai egongo dira erakusketan, hala nola, Brakaman, La Orquesta Mondragon, Vainica Doble edo Negativo taldeentzat egindakoak.
Horrez gain, gainera, bestelako dokumentu batzuk ere ikusi ahalko dira “Asaldura” erakusketan: argitalpenak, argazkiak, publizitate-gidak eta 1979an Zuluetak Euskadi Sioux fanzinerako marraztu zuen komikia, beste batzuen artean.

Erakusketaren xehetasun guztiak dituzue artium.eus webgunean.

Exit mobile version