Iurretako Udalak Antzerkia Bultzatuz ekimena du abian, herritar guztiei antzerkia hurbiltzeko xedez. Euskarazko ekoizpenak bereziki bultzatu nahi direnez, urtarriletik ekainera garatuko den zikloaren barruan euskarazko lanak izango dira protagonista aurten.
Antzerkia Bultzatuz programak bederatzi ikuskizun bilduko ditu guztira, eta hain zuzen ere, bariku honetan, Eidabe taldeak Zaintzaren Dantza izeneko pieza egingo du. Taldea 2019an sortu zen Meri, Mari eta Lari ikuskizunarekin. Antzezlan horrek sexu eta genero ugariak, familia-eredu desberdinak, gure beldurrak saihesteko era eta, azken batean, askatasuna ditu hizpide. Zaintzaren dantza lanak jarraipena ematen dio helburu horri, eta mezua zaintzaren eremu desberdinetan jartzen du: erantzunkidetasun-ereduak finkatuz, autozaintza eta autoestimua sustatuz, ingurumena zainduz eta desberdina dena babestea bultzatuz, eredu sozial inklusibo baten bidez.
Martxoan hainbat pieza plazaratuko dira: martxoaren 6an, 18:00etan, Bizi bizi Zirkua (Kiki eta Koko pailazoak), haurrei zuzendua eta euskaraz; martxoaren 13an, 19:00etan, Descóseme las alas (Navarra Producciones), publiko helduarentzat, gaztelaniaz. Apirilaren 17an, 19:00etan, Abduzkioa, ke barbaridad! (Arrapaladan), proposamena euskaraz.
Maiatzean, bi emanaldi antolatu dira: maiatzaren 8an, 18:00etan, Bizia Lehoi Erregea (Navarra Producciones), haurrei zuzendua eta euskaraz; eta maiatzaren 22an, 19:00etan, El encargo (La Red Teatro), publiko helduarentzat, gaztelaniaz.
Zikloa ekainaren 5ean amaituko da Como la vida misma lanarekin (La Sombra Teatro).
