Nontzeberri

Islandiako artea eta zinema

Tabakalerak Hlynur Pálmason zinemagile eta artista islandiarraren lehen bakarkako erakusketa aurkeztu du. Erakusketa Joana Hurtado Matheuk komisariatu du, eta Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan ondu da.

Ekainaren 27tik irailaren 28ra bitartean ikusgai egongo den erakusketak zinemagilearen dimentsio artistikoa aztertuko du, eta horretaz gain, Pálmasonen filmografia osoa pantailaratuko da.

Pálmason oso ezaguna da Europako egile-zinemaren arloan zuzendu dituen film luzeei esker (Vinterbrødre (2017), A White, White Day (2019) eta Godland (2022), …) baina bere lan artistikoak zabalkunde txikiagoa izan du. Tabakaleran bildutako lanek Pálmasonen lengoaia bisualera gerturatuko dute ikuslea.
Ikusgai jarritako lanak Lament for a Horse (artistaren ikus-entzunezko instalazio erradikalenetako eta hunkigarrienetako bat), One Winter Series (esperimentu material eta tenporal gisa sortutako proiektua) eta The Beginning and the End (ikus-entzunezko instalazioak narrazio poetiko bat proposatzen du) dira.

Esan dugun moduan, arte horretaz gain, zinema-zikloa abiatuko da bihar, hilak 28, Godland (2022) filmaren pantailaratzearekin. Uztailean A White, White Day (2019), Winter Brothers (2017) eta bere film laburrak ikusiko dira.

Exit mobile version