Iruñeko Udalak euskal musikari dedikaturiko Kantu eta Hitza programaren edizio berria da abian. Kontzertu guztiak O-ko Andre Maria Plazan izango dira, sarrera librearekin. Kontzertuok maiatzaren 21etik ekainaren 25era bitarteko ostegunetan antolatu dira, 20:00etan hasita.
Hala, bihar, maiatzaren 21ean Sara Zozaya kantaria arituko da. Euskal eszenan, punta-puntako hainbat taldetako kide izan da. 2018an bakarkako lehen EPa kaleratu zuen, eta, ordurako, urteko demo hoberenen artean sartu zuen Mondosonoro aldizkariak. LP batek eta bi EPk osatzen dute haren diskografia, eta, gainera, kolaborazioak egin ditu musikan erreferenteak diren artistekin, besteak beste, Valdivia eta Benito Lertxundirekin. Sarak nerabezarotik darama estiloekin esperimentatzen: “lo-fi”-a, popa, euskal tradizioa eta minimalismoa, besteak beste. Hainbat jaialditan hartu du parte, hala nola Primavera Sound-en eta Eufonic-en.
Datozen kontzertuak honako hauek izango dira: 28an, Izaki Gardenak; ekainaren 4an, Xak, eta 11n Bisaiak taldea. Azken bi kontzertuak, Kaskezur (ekainak 18) eta Erromintxelak (ekainak 25) taldeen eskutik etorriko dira.
