Bihar, martxoak 1, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, 19:30ean, Iratxe Fresneda zuzendariaren Irrintziaren Oihartzunak dokumentalaren proiekzioa antolatu da.
“Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia da dokumental honek jasotzen duena. Mirentxu Loyarte euskarazko film bat errodatu duen lehen emakumea izateaz gain (Euskal emakumeak izenburua duena) Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren Oihartzuna; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.”
Iratxe Fresneda Ikus-entzunezkoen Komunikazioa Doktorea da; Emakumearen estereotipoak Lars von Trier-en zinema-lanetan. Medea. Breaking the waves. The idiots. Dancer in the dark. Dogville izan zen bere doktore-tesia, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezkoen Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea ere bada.
EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean irakasle da eta RIVIC sareko kide. Gaur egun, komunikabide, zinemagile eta zinemarekin lotutako organismo anitzekin kolaboratzen du. Berea ere bada Lurralde hotzak izeneko filma.