Maiatzaren 29tik 31ra, Irekiak Gallery Weekend ekimenak erakusketa eta bisita gidatuen egitarau zabala eskainiko du bere seigarren edizioan. Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE) ateak irekiko ditu berriro herritarrak arteaz gozatzera hurbildu daitezen.
Aurten irailean egin beharrean maiatzera egingo du salto ekimenak, “turismo-denboraldiaren eta udaren hasiera da, eta tokiko zein nazioarteko ikusleak elkartzeko garai ezin hobea. Hala, arte garaikidearen ikusgarritasuna eta galerien eta erakundeen arteko lana sendotuko dira, hiriko kultura-ehuna indartuz”.
Ekimenaren ardatz nagusietakoa bisita gidatuak dira, izan ere, beti eskaintzen dira ibilbide inspiratzaileak artisten, galeristen eta ikusleen arteko topaketa sustatzeko.
Erakutsiko dena instalazioak, performanceak, argazkigintza, eskultura, pintura, marrazketa, arte digitala edo proiekzioak izango dira. Sei galeriatan burutuko da ekimena: Cibrián galeria, La Central Art Gallery eta Arteko Gallery, Grosen; Ekain arte lanak, Parte Zaharrean; Arteztu galeria, Antiguan; eta Sakana Gallery, Egian.
