Irati Fernandez (Lizarra, 1983) marrazkilari konpultsiboa da. Etengabe ari da marrazten. Errealitatea bere arkatzetik filtratu eta koadernoetan irudikatzen du. Behin eta berriro dio, marrazkigintzaren bitartez mundua, alegia, errealitatea hobeto ulertzen eta ezagutzen duela. Gaur egun edozein gauzarekin marraztu daitekeela dio. Horregatik, agian, egiten ditu estilo anitzeko irudiak, eta eroso sentitzen da hainbat diziplinetan, tartean, animazioan eta komikigintzan. Fantzineak egitea ere atsegin du. Izan ere, parte hartu duen azken fanzineak, Gato Negro-k, saria jaso zuen 2009ko Bartzelonako Komiki Azokan. Hiri katalanean bizi da eta hara eta hona dabil bere lanak erakusten. Zorte apur bat behar duela dio, baina bere lanak ikusita ziur gaude ahalegin horrek bere saria jasoko duela. Iratirekin jarri gara harremanetan e-mail bidez.