Nontzeberri

Irani buruzko proiekzioa eta Piztiak taldearen kontzertua Markinan asteburu honetan

Iran: topikoen aurkako bidaia Mila Gallastegi eta Asier Aranzabalek gauzaturiko lana da. Ikus-entzunezko honetan, paisaia lehor eta basamortu itxurako baten topikoaren aurrean, paisaia berdea erakusten da; lautada harritsu eta etengabearen aurrean, ia 6.000 metrotara iristen diren mendiak.

Horrez gain, euren bizimodu tradizionalei eusten dieten kultura nomadak eta buruan kolorezko zapiak daramatzaten gazte iraultzaileek ere izango dute tokia filmazioan. "Topiko eta ezjakintasunez betetako herrialdea hobeto ezagutzeko aukera aproposa da". Proiekzioa ostiralean izango da 22:00etan. Antolatzaileak: GAITTUN eta Uhagon.

Biharamunean berriz, musikaz beteko da Uhagon kulturgunea. Hala, Piztiak boskoteak Gabeko kalapitxiak izeneko euren azken lana aurkeztuko du. "Nortasun handiko rock kutsuko talde beteranoa da. Neil Young, Pearl Jam, The Cure eta REM bezalako taldeen eraginaz osatua."

Taldea honako musikari hauek osatzen dute: Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa); Josu Aranbarri (baxua eta ahotsa); Peio Larrañaga (bateria eta perkusioa); Jose Latra (soinua); eta Josu Eizagirre (bideoartista). Horrez gain, aipatu behar da Kirmen Uribe idazle ezaguna Txominen anaia dela eta zenbait kanturen hitzak ere idatzi dituela.

Uhagonek bidalita

Exit mobile version