Pamiela argitaletxeak liburu bi aurkeztu ditu egunotan: Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz izeneko liburua, eta Kepa Altonagaren Axularren gerizapean.
Lehenengoan idazleak honako hau dio: “Sarritan esan didate zergatik ez dudan irakurketaren inguruan idazten, ikasleekin bideratu ditudan irakurketak direla eta ez ote dudan solasaldi literarioei buruz ikasitakoa liburu batean jarriko. Luzatu naiz erantzuna eratzen, baina gogoetaren hariari eutsi diot gozamena izan dudan irakurketa eta literaturaren arloan ikasitakoa idazten hasi orduko. Horregatik gogoeta-bilduma hau liburutxo honetan. Ez da teoria luzerik, urteetan ikasle eta gazteekin liburuen inguruko solasaldietan edan dudana baino. Liburuen irakurketetatik ateratako emaitza da; zer eta nola irakurri dugun, zein iradokizun sorrarazi diguten irakurketek. Irakurketak irakurle gazteengan, nerabeengan sortzen dituen kezka, iritzi eta gogoeten adibidea ere bada hemen. Idazlan batzuen ondoko gogoetek eragindako aurrera pausuak ikus daitezke, eta agian, ez dagoela liburu zailegirik, elkartean eta kidegoan irakurriz gero, liburuek eragindako iradokizun eta uste sakonak elkarren artean jartzen badira.”
Altonagak data baten inguruan ardaztu du lana: 1925eko irailaren 17a. data horretan Axularren Eguna ospatzen da Saran. Hara bertaratu ziren Eskual-Herriko idazle maitatuenak, bai Iparraldekoak (Jean Barbier, J. Saint-Pierre Anxuberro eta J. Elizalde Zerbitzari elizgizonak, Jean Etxepare medikua eta Maddi Elizaga) zein Hegoaldekoak (A. Arzelus Luzear, F. Irigarai Larreko, A. Labaien, I. Lopez Mendizabal edo Migel Unamuno bilbotarra).
Axularren gerizapean leitzean, “irakurleak intrigazko kontakizun kilikor bat aurkituko du, ikosaedrikoa. Istorioaren une nagusiak atzekoz aurrera harildu dira: Sarako jaia 1925ean, Zornotzako bazkaria 1914ko urrian, 1921eko ekaineko idazle-bilkura Oiartzunen. Liburuaren lerroetan zehar trantsitatzean deskubrituko dira mugarri horietako protagonista agerikoak”.
