Euskaltzaindiak 2023an antolatu zuen poesia-jaialdiaren estreinako edizioa, Lekeition; bigarrena Itsasun izan zen, eta hirugarren aldia, 2025ekoa, Lekeition izan zen berriz. Aurten, Lapurdiko herrira itzuliko da. Aurtengo hitzordua irailaren 26an eta 27an izango da. Ekimenaren helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea da.
Euskaltzaindiak, Itsasuko Herriko Etxearen laguntzarekin, eta Euskal kultur erakundearekin partaidetzan antolatu du beste behin Irailekoak. Euskal poeten lana gizarteratzeaz gain, beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan.
Esan bezala, Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Gainera, jaialdian egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Jaialdian parte hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.
Egitarauaren zehaztasunak irailean agertuko ditu Euskaltzaindiak.
