Nontzeberri

Irailean ospatuko den "Bilboko Barrea" astea aurkeztu dute gaur

Datorren irailean umoreaz eta literaturaz gozatzen dutenek hitzordua edukiko dute Bilbon Bilboko Barrea astean. Genero horretan ospe handia duten autoreak ezagutzeko aukera egongo da, hala nola, Tom Sharpe, Elvira Lindo edota Antonio Fraguas Forges.

Programatutako ekitaldi sorta zabala dela eta, bi agertoki prestatu dituzte: batetik, Areatzan jarriko duten karpa, eta bestea, BBk aretoa.

Lehenengoan, zuzeneko musika, liburu salmentak eta umore grafikoari buruzko erakusketa bat egongo dira, eta bigarrenean aldiz, autore ezberdinekin elkarrizketak, mahai-inguruak eta hitzaldiak prestatu dira.

Lehenengo aldia izango da Bilbon honelako programazio bat egiten dela eta antolatzaileen arabera, erakargarritasun herrikoi handi bat duen literatura eta kazetaritzako genero honen kalitatea aldarrikatzea da helburu nagusia.

Aste honen haritik, gainera, liburu bat prestatzen ari dira normalean umore generoa lantzen ez duten hamar idazlek egindako ipuinekin, tartean, Kirmen Uribek, Fernando Marías edota Lola Beccariak idatzitako narrazioak.

Azken egunean Tom Sharpe idazleak bere ibilbidea aitortzeko saria jasoko du eta Forges-i omenaldia egingo zaio, Bilboko Barrea jaialdiaren ohorezko gonbidatua izanik.

Nontzeberri

Exit mobile version