
Maiatzean jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketarako sailkatze fasea. Sei bertsolari sailkatu dira udazkeneko txapelketara: bi saioetako irabazleak, Xabi Maia eta Endika Legarra, eta puntuazioz Kattin Madariaga, Amaia Elizagoien, Aitor Irastortza eta Jabi Lezaun.
Irailean aurkeztuko da udazkenean jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketa.
Beste aldetik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28an hasiko da Urdulizeko Kultur Etxean, eta Bilbon jokatuko da finala, abenduaren 20an. Lehen saio horretan, Aitor Bizkarra Ruiz (Abadiño), Garazi Navarro Ugarteburu (Amoroto), Garikoitz Sarriugarte Onaindia (Zaldibar), Izaro Bilbao Arostegi (Mungia), Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo) eta Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia) arituko dira.
Egitura aldaketarekin dator aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa: finalaurrekoak bi bueltatara jokatuko dira. Hiru fase egongo dira orain arte moduan: Lehenengo fasean bost saio jokatuko dira, finalaurrekoen lehenengo bueltan hiru saio, bigarren bueltan saio bi, eta azkenik, finala.