Nontzeberri

Ipuinaren generoaren inguruko Aldecoa Jaialdia gaur hasiko da

Pilar Aizpurua, Mª Fernanda Ampuero, Juan Pedro Aparicio, Jon Bilbao, Jesús Camarero, Harkaitz Cano, Luis Mateo Díez, Isabel Etxeberria, Cristina Fernández Cubas, Joxemari Iturralde, Karmele Jaio, José María Merino, Juan Montiel, Elvira Navarro, Jabo H. Pizarroso, Verde Prato, Eider Rodriguez, Iker Sancho, Beñat Sarasola, Ainhoa Urien, eta Leire Vargas dira gaur hasita eta larunbatera arte luzatuko den Aldecoa Jaialdiaren barruan parte hartuko duten adituak.

Ipuina Mugaldean, Ipuinaren mugak lelopean eta Iban Zalduaren zuzendaritzapean, antolatu da Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia, gaur berton abiatuko dena. Literaturan eta irakurketan interesa duen edonori zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko dira.

Lehen egun honetan, zinea izango da protagonista, eta hala, 19:30ean, Florida zinemetan, Young Sánchez (Mario Camus) filma ikusteko aukera egongo da. Bertan Jabo H. Pizarrosok hartuko du parte.
Bihar oso kontu interesgarria antolatu dute Arabako Kanpusean, eta Itzultzaileak, ipuingintzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago) izenburupean, mahai-ingurua eratuko da Iker Sancho, Harkaitz Cano, Isabel Etxeberria eta Beñat Sarasolaren partaidetzarekin.
Arratsaldeko 20:00etan, IAK Izaskun Arrue Kulturgunean, Eider Rodriguez eta Verde Prato bilduko dira Denak zuen artifizial itxura izeneko saioa egiteko.

Datozen egunetako programazio zehatza: Aldecoa Jaialdia.

Exit mobile version