Muskizko El Pobaleko Burdinolan urtarril, otsail eta martxoan, hainbat ipuin-kontalari bilduko dira Ipuinak sutegiko berotan izeneko saioan, etxeko txikienen gozamenerako.
Igande honetan, hilak 19, izango da lehenengo saioa: Gure betiko ipuinak. Printzesa sorginduengandik hasi eta ipurdi handiko mutilenganaino, Bego Alabazanek kontatutako magiaz eta fantasiaz beteriko istorio bakoitzak bizitzari buruzko zertxobait ikasteko aukera zabalduko du. Bi saio izango dira euskaraz: 11:00etan eta 12:30ean.
Datorren hilabetean, otsailak 16, Bazen beste behin…ipuina kontatuko du Pedro Alabazanek. Umeen irudimena izaki maitagarriez, animalia abenturazaleez, aurpegi gaiztoko itsaslapurrez, eta beste hainbat pertsonaiez ere beteko da. Hemen ere bi saio: 11:00etan gaztelaniaz, eta 12:30ean euskaraz.
Eta azkenik, martxoaren 9an, Joaquin Ponteren eskutik Printzesek ere puzkerrak botatzen dituzte? ipuinaz gozatzeko aukera egongo da. Saio horretan, neska-mutilen arteko berdintasunez hitz egingo dute, baita etorkinen eta bertakoak direnen artekoei buruz edota zuri, beltzaran edo arrosa koloreko azala dutenen artekoei buruz ere. Dena abentura, akzio eta umore askorekin.