Nontzeberri

Ipuin-kontaketa dramatizatuak

Ipuin-kontaketa dramatizatuak egingo dituzte gaur eta bihar Getxoko Villamonte eta Gobelako liburutegietan Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ipuin-liburuan oinarrituta. Egizu Getxo Euskaldun elkarteak antolatutako emanaldiak, 18:00etan hasiko dira.
Artedrama eta Dejabu konpainiek, Joseba Sarrionandiaren lan hori oinarritzat hartuta,  izen bereko antzezlana prestatu dute egun hauetarako, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga aktoreen eskutik.

Beste aldetik, Dejabu konpainiak Gure Bide Galduak antzezlanak udazken-neguko birarekin jarraitzen du, eta abenduan ez du etenik izango. Hala, abenduaren 2an,  Bergarako Zabalotegi Aretoan izango da ikusgai, 22.00etan; abenduaren 7an,  Durangoko San Agustin Antzokian, 20.00etan; 10ean Berrizen; 16an Zornotzako Aretoan eta 17an Luhusoko Harri Xuri Kultur Gelan.

Euskal Herriko historia hurbila abiapuntu hartzen duen lan honek –Franco hil ondorengo lehen urteak, hain zuzen- baserri girotik hirira Magisteritza ikasketak egitera doan neska baten gogoetak ditu ardatz.
Dejabu panpin laborategia konpainiak gaztearen utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna egin du honetan.

Exit mobile version