Nontzeberri

Iparraldeko sorkuntza ikusgai Donostian

Iparraldea bertan! zikloak Lapurdiko, Nafarroa-Behereko eta Zuberoko euskal kultura bilduko du Koldo Mitxelena kulturunean.

Euskal kultur erakundearen laguntzarekin osatu den egitarauan, kantari eta hainbat musikari entzuteko parada izango da aurten ere. Hala nola, Mixel Arotce, Jean-Mixel Bedaxagar, Pierpol Berzaitz eta Mixel Etchecopar-ek Etxahun-Iruri-ren omenezko kontzertu bat eskainiko dute martxoaren 3an. Martxoaren 17an aldiz, Pantxix Bidart-ek eta Kristof Hiriart-ek osatutako Mihakan taldearen kontzertua izango da ikusgai. Proiektu honetan, atzoko kantuekin batera, gaurko olerkariak ere uztartzen dituzte, hala nola Iratzeder eta Itxaro Borda.

Horretaz gain, Etxamendi eta Larralde bikote ezagutarazi zen Eñaut Etxamendiren mintzaldia entzuteko aukera ere izango da martxoaren 10ean. Kantari izateaz gain, Etxamendi idazlea da eta 80 bat kanturen hitzak idatzi ditu, baita eta zazpi liburu ere, guztiak Maiatz argitaletxeak argitaratuak. Hitzaldia hasi aurretik bost kantu eskainiko dituzte Jean-Louis Lakarekin batera.

Bestalde, ikuskizun baten estreinaldia ere egingo dute: Kattalin Sallaberry eta Jokin Irungaray biltzen dituen Hameika Ipuin, Txomin Héguyren zuzendaritzapean. Kontatuko dituzten ipuinak publiko orokorrarentzat izango dira.

Ikuskizun guztiak Gipuzkoa Kulturaren webgunean ikusi ahal izango dira zuzenean.

Eke-k bidalita

Exit mobile version