Nontzeberri

Iparraldea Bertan zikloaren barruan “Hiru emazte kantari gogoan” ikusgarria

Iparraldea Bertan zikloaren XXIV. edizioa martxoaren 18ra bitartean garatuko da Donostian. Programak film laburrak, errezitaldi musikalak eta Martin Lerissaren azken diskoaren aurkezpena bilduko ditu.

Lehen saioan, Gastibeltza Filmak: Euskal zinema Iparraldetik izeneko hitzordua antolatu zen. Bertan bi film labur ikusteko aukera egon zen: Ximinoa, Itziar Leemans-en fikzioa, eta Muga, Eñaut Castagneten lana.

Gaur, martxoak 4, Hiru emazte kantari gogoan ikusgarria antolatu da, Euskal Herriko hiru emazte kantariren omenez: Lurdes Iriondo, Maite Idirin eta Estitxu Robles Arangiz.
“1960 eta 1970eko hamarkadetan emazte guti zen taulen gainean kantari. Garai hartan dena egiteko zen, dena egiten ari eta euskal kontzientzia ere sortzen ari zen. Egiazko militante lan bat egin dute: hizkuntza, kultura, aberria, sozial saila… Gai horiek oro erabiltzen zituzten berek egin kantu berrietan. Emaztearen tokia egin dute gizon kantarien artean bai  eta gizartean. Gaur egun ez dira hemen beren lekukotasuna emaiteko eta ikusgarri honen bitartez nahi ditugu eskertu egin duten lan ederrarentzat eta utzi daukuten altxorrarentzat.”
Hitzordu horretan parte hartuko dutenak Maider Bedaxagar, Naia Robles Arangiz, Maialen Alfaro, Maite Ithurbide, Patxika Erramuzpe, Pantxika Heguiaphal eta Jacqueline Idiart dira.

Martxoaren 11n, Kamila Zubeldia & Aguxtin Alkhat arituko dira. Iraganean idatzitako kantuak abesteaz gain herri honi beste sorkuntza batzuk eskaintzea dute xede, hitz landuak melodia goxoekin uztartuz.

Azkenik, martxoaren 18an, Mattin Lerissak Mundu zabalerako diskoaren aurkezpena antolatu da. Behorlegitarraren hirugarren lana joan den azaroan argitaratu zen.

Informazio guztia: KMK

Exit mobile version