Nontzeberri

Ione Gorostarzuk “des egiten” poema liburua kaleratu du

Atzo aurkeztu zen Ione Gorostarzuren lehenengo liburua den des egiten poema-bilduma. Gorostarzu, Karmele Igartua I. Bekaren irabazlea izan zen.

Ene izatea
Egin nahi dizuet opari
Ni gozoak ni garratzak
Ni umelak ni krudelak

Emanda handitzeko
kenduta ugaltzeko
tori poesia
zelofanetan bildurik

Poesiak betidanik erabili dituen gaiak barneratu ditu des egiten deritzan lan honek: norbere izaeraren kontraesanak, existentziaren gorabeherak, maitasunaren buruhausteak, idazteak berak duen zentzua edo zentzurik eza… Hori guztia gaurko begirada gazte eta fresko batekin.

“Egin adina desegin dut orri hauetan, eta desegite horrek berak egin ditu poemak; izan ere, idazterakoan niretzat errazena da gauzak esatea, lerroak eta orriak betetzea, eta gehien kostatzen zaidana, berriz, soberako hitzak, ideiak, eta baita poemak ere, ezabatzea da. Liburu hau bizitzako etapa ez hain luze batean, nahiko era inpultsiboan eta soltean idatzitako olerkiek osatzen dute, eta asko desegin behar izan dut batasun bat, gorputz bat emateko”, azaldu du egile gazteak.

Ione Gorostarzu Berastegin jaio zen 1984an. Historian lizentziatua, lanbidez irakaslea, Idazle Eskolako Graduondoa ikasia. Lauaxeta Poesia Saria ere irabazi du.

Exit mobile version