Joseba Eskubik (Bilbo, 1967) Insomnia izeneko erakusketa inauguratu zuen atzo, azaroak 15, Bilboko Rekalde aretoan. Bertan, bilbotarra egin berri dituen formatu txikiko lanak ikus daitezke. Erakusketa 2013ko urtarrilaren 13a bitarte egongo da zabalik.
Margolan klasikoen gainean egindako interbentzio zuzenak dira, artistak desitxuratu egiten baititu, hausturak, zorrotadak eta tolesturak txertatuz.
Collage modura jarrita, jatorrizko irudiak lurperatuta bezala ageri dira, eta horien gainean daudenek esanahi berriak eta iradokitzaileak zabaltzen dituzte.
Eskubiren esanetan: “Collage moduko hauek ez dira asmo parodiko edo historizista baten emaitza; hori baino gehiago, jatorrizko kontakizuneko gailua suntsitu nahi izan dut, formak testuingurutik atereaz, eta tentsio eta norabide berriak sartuz konposizioan. Margolan “egokiak” ikusizko hondakinak balira bezala azaltzen dira, eta, bertan, zaila da mailegatutako obraren hasierako zentzua asmatzea”.
Joseba Eskubi (Bilbo, 1967) UPV-EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen, eta 1998az geroztik, bertan ari da lanean, margolaritzako irakasle gisa. Banakako eta taldeko erakusketa asko egin ditu, eta, une honetan, Bartzelonako Galeria Alegrian ere ikus daitezke bere lanak.