Nontzeberri

Inkomunikazioari buruzko filma “Mosaiko italiarra” zikloan

Italia Txiki Kultur Elkartearen laguntzarekin, Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu du Italiako zinemari errepasoa ematen dion Mosaiko italiarra. Urrian hasi zen eta hilero film bat proiektatzen da. Guztira zazpi filmaren proiekzioak egingo dira maiatzera arte.

Bosgarren edizio honetan, “tokiaren ideia izango da ardatz nagusia, esanahi eta berezitasun guztietan. Tokia da emigratu behar izan duenaren harrerako herrialdea, fantasia eta ametsak adierazteko aukera ematen duen toki magikoa, edo bakartzen gaituen espazioa, biltzen gaituen espazioa, edo Historia Handiaren antzoki bihurtzen dena”.

Film batzuen ostean, hil honetan, 19an, Michelangelo Antonioni zuzendariaren L’Aventura filma ere ikusteko aukera egongo da. “Inkomunikazioari buruzko tetralogiaren lehen kapitulua da, non Monica Vitti aktoreak bere paper komikoak utzi eta bere gaitasun dramatikoa aurkitu zuen”. 1960an Antonionik zuzendu zuen komunikaezintasunari buruzko lau kapitulutako lehena izango zen filma. Giza hauskortasunari eta sentimenduen isolamenduari buruzko filma da, Monica Vitti handiarekin. Emanaldirako aurkezle eta solaskidea Francesco Roncaglia eta Roberta Napoli izango dira.

Horren ostean Emma Dante zuzendariaren txanda izango da, eta bere bigarren obra zinematografikoa Le sorelle Macaluso filma.
Apirilean, Bigarren Mundu Gerraren amaieraren eta faxismotik askatu izanaren 80. urteurrena ospatzen den honetan, Roma città aperta Roberto Rosselliniren 1945eko filma ikusteko aukera izango da, Anna Magnaniren eta Aldo Fabriziren interpretazio handiekin.
Zikloa itxiko du Dino Risiren komedia ederrak: Il segno di Venere.

Exit mobile version