Gaur, Azkuna Zentroak Iñigo Salaberria zinegile gipuzkoarraren bost lan erakutsiko ditu, BIdeOtik zikloaren barnean: Las Horas Contadas, Birta Myrkur I, La Noche Navegable, Disdirak eta Luz a la Deriva.
Ikus-entzunezko bestelako narratibei begiratzeko abiatu zen BIdeOtik zikloa, “bideoaren bidez inguruan duguna erregistratu eta irudikatzeko modu berriak hartzen dituen urteko zikloa”.
Gaur Salaberriaren bideo-sorkuntzako lanak proiektatuko dira, non ikus-entzunezko hizkuntza modu pertsonalean garatzen den. Zuzendari horrek historia eta estetika zinematografikoa ikasi zuen Valladolid eta Pariseko Unibertsitateetan. Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman edo Ken Feingold-en tailerretan laguntzaile tekniko lanak egin zituen.
Oso adierazgarriak dira Azkuan Zentroak igorritako oharrean agertzen diren zuzendariaren hitzak. Merezi du ondoko lerroak irakurtzea: “Orain dela urte batzuk, Malin zehar bidaia bat hasi baino hilabete batzuk lehenago Miquel Barcelóri egindako elkarrizketa bat irakurri nuen Frantziako aldizkari batean; herrialde horretan egindako egonaldia kontatzen zuen han. Bere ikuspegi pertsonalak eta han bereganatutakoak bere pintura nola aldatu zuen ezagutzeaz gain, bere abiapuntua interesatu zitzaidan: une jakin batean bere begirada aldatzea erabakitzen duen norbaiten jarrera zen. Zaila da jakitea haustura edo behintzat aldatzeko premia hori noiz gauzatzen den, eta aldatzera zaramatzaten arrazoiak zein diren jakitea ere bai. Barne-bidaia da, nork bere kontzientziako sakonune abisaletara egindako bidaia barnekoia. Beste zenbaitek, ostera, etengabeko ibilbideari ekiten dio, Europa erdialdeko portu-hiri goibel batetik probintzia-hiri bateko taberna periferikoetara: neoi-argien eta itzal iheskorren artean ibiltzen dira noraezean. Badira, itxura batean, bizitza osoan era obsesiboan gai bera errepikatzen dutela diruditen pintoreak; ez litzaieke sekula euren tailerreko lau paretak uzterik bururatu ere egingo: batzuetan hor abiatzen dira urrutien garamatzaten ibilbideak. Beste zenbait itsaso ezezagunetan nabigatzen ibiltzen da; halako batean urruneko irla batera iritsi, eta euren koadroak galdutako paradisu baten testigantza bihurtzen dira. Badira zine-zuzendariak espazioaren mugetan kokatutako odisea sideralak estudio batean berregiten dituztenak, eta badira halako batean izotzezko eta suzko lurraldeetan barna abiatzea erabaki zuten beste zuzendari batzuk ere”.