Nontzeberri

Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren azken emanaldia

Bihar bertan, urtarrilaren 25ean, amaituko da Gasteizen  antolatu den FICMA-Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Zikloak “ingurumenarekiko errespetuzko aldaketa sozial baten inguruan hausnartzea” izan du xede. Gai horrekin harreman duten 9 film pantailaratu dituzte aste hauetan.

Bihar izango da azken lanaren proiekzioa, Artium museoan: Greed – A Fatal Desire (Jörg Seibold, 2016). Lanaren sinopsia hauxe da: “Gutizia. Batzuentzat, eboluzioaren ondare baliagarri bat da; beste batzuentzat, gizakiaren herentzia genetikoaren akatsa. Zergatik zenbaitek ez dute inoiz nahikorik? Nora darama horrelako neurrigabekeriak? Ba al dago modurik premien ustezko asebetetzeak eragiten duen sorgin-gurpiletik ateratzeko? Sheldon Solomon psikologo sozial estatubatuarrak dionez, pertsonei gauza asko edukitzea gustatzen zaie, horrela betirako biziko diren sentsazioa daukatelako. Bere ustez, egungo materialismo eta kontsumismoak hondamenezko ondorioak ekarriko ditu”.

FICMA sustapen eta hedapenetik harantzago doan jaialdia da, eta inspirazio eta baloreen iturri izateaz gain, gizarte aldaketen sortzailea ere bada. Jaialdi honetan entretenimendua hausnarketa bihurtzen da; gizartea eraldatzea du xede, kulturaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen industria lagun, planeta leku bizigarriagoa izan dadin eta etorkizuna duen leku bihurtzeko.

Exit mobile version