Nontzeberri

Inguru urbanoen erretratuak

Carlos Canovas argazkilariak Zazpigarren zerua izenburuko erakusketa paratu du Gasteizko Amarika Aretoan ekainaren 30era bitarte. Egilearen etxebizitzatik gertu eginiko hamar irudi inguruk osatzen dute erakusketa. Argazkiok, hain zuzen, Iruñeko inguruetan, Zizur Nagusian eta Zizur Txikian eginda daude. Erakusketako erretratuak 2007an hasitako sail handi baten parte dira.

Hiri ingurua Canovasen obran behin eta berriro agertzen den gaia da. Oraingoan, “bizitegi-zonetako moteltasuna atsegina” erretratatu nahi izan du, inguru urbano horietako bakardadea jorratzeko asmoz.

Kolorezko irudiak dira, eta jenderik gabeko eszenatokiak biltzen dituzte. Denboraren kontzentrazioa adierazi nahi dute, bat-bateko argazkietatik ihes eginez.

Argazkilariaren esanetan, “gure hiriak inguratzen dituzten paisaien gaineko begirada arakatu nahi da, objektiboaren eta subjektiboaren arteko ibilbidea eginez, topografia hutsaren eta barruko sentsazioen identifikazioaren artekoa”.

Exit mobile version